Ordiziako toponimia jaso eta finkatzeko beka-deialdiaren oinarriak 2007ko maiatzaren 9an argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Epaimahaiaren onespena jaso ondoren, Irati Zaldua Ortiz de Guzman andreak eta Ainitze Etxaniz Iraola andreak burutu dute lan hau, Euskaltzaindiaren gidaritzapean. Lan horren emaitza dugu, besteak beste, eskuartean dugun liburu hau. Aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiegu lan honi ekarpenak egin dizkioten herritarrei, beraiei esker aberastu da edukia.
New York-en 2007ko abuztuan izandako Izen Geografikoen Normalkuntzari buruzko Nazio Batuetako Bederatzigarren Biltzarrean erabaki zen toponimoei kultur- ondare ezmaterialen tratamendua eman behar zitzaiela. Gure herrietako toponimiak,gure kultur-ondarearen parte dira eta babestu egin behar ditugu. Udalerri baten eskumeneko leku-izenak babesteko ardura udalari berari dagokio.
Leku-izenak babesteko zenbait eginkizun burutu behar dira. Lehenik, leku- izenak jaso behar dira, eta honek aldi berean, garai bateko bizimoduari buruzko informazio zabala izateko aukera ematen digu, eta eman digu; leku-izenak egonkortu eta indartu egin behar dira, (hizkuntzaren normalizazioarekin lotuta dagoena) eta ondoren leku-izen horiek hedatu eta zabaldu. Batez ere, azken hau, leku-izenak hedatzea garrantzia handiko lana da,ondare ez materiala izateagatik, desagertzeko arrisku bizia duelako. Eta zabalpen-lan horren fruitu duzu eskuartean duzun liburu hau.
Ordiziako leku-izenak ordiziarrei helarazteko, liburuaz gain, mapa toponimikoa ere argitaratu dugu eta webgune bat ere jarri dugu martxan, ahalik eta ordiziar gehienengana iristeko. Herriko kultur-ondarearen transmisioa ere txertatu nahi dugu Euskal Kurrikulumean eta ikastetxeei programazio orokorrean lantzeko aukera eman nahi diegu ondarearen transmisioa normalizatzeko. Ezagutzen ez dena ezin baita erabili eta are gutxiago maitatu…
Ordizian, 2010eko uztailaren 19an
Belen Maiza Urrestarazu
Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzia
Zure etxeari edo negozioari izena jarri behar diozu?
© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta