Lanaren abiapuntua Deiker institutuak 1992-1993an HPSrentzat egindako Gipuzkoako 1:5000 eskalako mapa izan genuen. Hamalau hilabete horietan burutu dugun ikerketak hainbat etapa izan ditu:
Lehenengo lana bibliografia aztertzea izan zen eta, horretarako, Gipuzkoako herriei buruz idatzitako liburuetara jo genuen. Besteak beste, Lope Martinez de Isastiren (1625), Pablo Gorosabelen (1862) eta, Carmelo Etxegarairen eta Serapio Mujikaren (1908) lanak aztertu genituen. Benetan lagungarri gertatu zaigu azken bi egile horiek idatzitako Ordiziako Monografia Historikoa. Honekin batera era askotako mapak ere aztertu genituen, pixkanaka datu-basea handituz.
Ondoren, artxiboetako agiriak aztertzeari ekin genion: Oñatik dagoen Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa, hor biltzen dira eskribau eta notarioen paperak, Ordiziako Udal Artxiboa eta Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorra.
Idatzizko iturriekin amaituta, ahozko lekukotasunen bilketari ekin genion. Horretarako, hainbat lekuko aukeratu genituen Ordiziako Euskara Zerbitzuko Alazne Iturriozen laguntzaz. Guztira 22 lekuko elkarrizketatu genituen.
Lekukoei egindako elkarrizketekin idatzizko agirietan bildutako toponimoak kokatzeaz gain, toponimo berriak ere jaso eta kokatu genituen eta guztiekin mapa berri bat osatu genuen. Hala ere, egindako bide guztia ez da laua izan eta ikerketaren fase honetan izan ditugu oztoporik handienak. Ez da erraza izan lekukoak aurkitzea, eta, hori dela eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu lan hau osatzen lagundu diguten guztiei, haien laguntzarik gabe, nekez hel baitzitekeen lan hau jomugara.
Lan hauek egin ondoren, datu basearen txukunketarekin hasi ginen. Leku-izen bakoitzak bere fitxa du eta fitxa bakoitzak hainbat atal biltzen ditu bere baitan. Hasieran izen arautua, hau da idatziz erabili behar dena, Idiazabal, esaterako; gero sinonimoak, leku batek izen bat baino gehiago izan baititzake hizkuntza berean (Arrasate edo Mondragoe, eta Donostia edo San Sebastian); eta leku bakoitza zer den (etxea, kalea, basoa, soroa...) adierazten da. Ondoren, toponimoari buruzko oharrak eta, azkenik, jaso diren aldaera guztiak zerrendatzen dira; idatzizkoetan leku-izenaren aldaera, iturria, urtea eta erreferentzia jasotzen dira eta ahozkoetan, berriz, aldaera, data, lekukoa eta erreferentzia.
Bide batez toponimoen arautzea ere egin zen Mikel Gorrotxategiren laguntzarekin. Arautze horren ondorioz, esate baterako, azken mendean Santa Maria izenez ezagutzen zen kaleari Elizkale izena ematea proposatu genion Udalari. Proposamen hori egiteko, lehen aipatu ditugun artxiboetan bildutako agiriak aintzat hartu genituen. Agiri horietako zaharrenetan, kalearen izena euskaraz idatzita agertzen denean Elizkale izena bildu dugu (1578an, 1661ean, 1717an, etab.).
Eta lan guzti hori egin ondoren, eskuetan daukazun liburu hau idazteari ekin genion eta horretarako, Ordiziako Monografia Historikoa (1908), Ana Galdosen “Villafrancatik Ordiziara: historiaz jositako bidea” (2008) liburua, Santa Ana aldizkarietako artikuluak eta lekukoen testigantzak erabili ditugu batez ere.
Gauza jakina da Toponimia aztergai aldakorra dela, leku-izenak galdu edo aldatu egiten direla eta, gure helburua, ahal izan dugun neurrian, dagoeneko galdu diren leku-izenak, galtzeko bidean direnak edo urteen joanarekin aldatu direnak biltzea eta jendarteratzea izan da. Horixe da, hain zuzen ere, liburu honetan aurkituko duzuna; Ordiziako leku-izenak, izen horien esanahiak, kokalekuak eta horiei buruzko hainbat kontu.
Zure etxeari edo negozioari izena jarri behar diozu?
© 2010 - Ordiziako Euskara Atala
XHTML | CSS | WAI-A | Lege oharra | Kontaktua
iametza interaktiboak garatuta